jueves, 3 de enero de 2008

Bases eta aginte mahai orokorra


-P.K.E.: Potentzia Konrolatzeko Etengailua







Etengailu hau, energia elektrikoa banatzen duen enpresak, Iberduerok gure kasuan, edo beronek baimenduriko beste enpresa batek ezarritako aparatua dugu. Errazki identifika dezakegu aipaturiko etengailua gure etxeko kaxan, zeren, berun batzuen bidez prezintaturik dagoen bakarra bera bait da. Honen arrazoia oso nabaria da: Iberduerok soilik eta ez beste inork alda dezake etengailua.


Etxebizitzako instalazioa korronte elektrikoaz hornitu nahi badugu, Iberduerora joan eta etxean dauzkagun aparatu elektrikoen araberako potentzia kontratatu beharko dugu, kontrata daitezkeen potentzi mailak honako hauek direlarik: 1,1; 2,2; 3,3; 4,4; 5,5 eta 6,6 kilowatt.


Dakigunez, potentzia, intentsitatea eta tentsioa erlazionaturik daude P = I . V adierazpenaren bidez, edo gauza bera dena

Gaur egun, etxebizitza gehienetan, 220 V-eko tentsioa dugu. Beraz, arestian aipaturiko potentzi mailei dagozkien intentsitateak taulakoak dira.


Potentzia kontrolatzeko etengailua, intentsitatearen balio hauetako baten baterako etengailu magnetotermikoa baino ez da. Dena den, beraren eginkizuna ez da instalazioa babestea; Iberduerori kontrataturiko potentzia kontrolatzea baizik.


Zer esanik ez, etxeko instalazioan konektaturiko aparatuen potentzien batura kontrataturikoa baino handiagoa bada, intentsitatea ere handiagoa izango da, potentzia kontrolatzeko etengailua jauzi egingo delarik.




Esan gabe doa, gauza guztietan bezala, orekara heldu beharko dugu, zeren, potentzia handia kontratatzea hobea dela dirudien arren, kontsumo-energia berberarako potentzia zenbat eta handiagoa izan, Iberduerori ordaindu beharrekoa hainbat eta garestiagoa izango bait da.


Eta, hau guztiau dugu etengailua prezintaturik egotearen arrazoia; bestela oso gauza erraza izango litzateke 1,1 kWeko potentzi maila kontratatzea, eta guk geuk, gure kasa, 30 A-ko etengailua ipintzea.


-E.D.: Etengailu Diferentziala


Etengailu diferentziala, linea orokorrean tartekaturik dagoen dispositiboa da; gure gorputz edo aparaturen baten metalezko egituran zehar korronte elektrikoa zirkulatzean linea mozten duena.


Demagun, etxeko garbigailuko eroaleren baten isolamendua hondatu egin dela, garbigailuaren txaparekin kontaktuan dagoelarik. Etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda badago eta lur-linea badauka, babeseroalean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egingo da.


Jakina denez, edozein aparatu elektriko konektatzeko, bi eroale behar ditugu: bata, korrontea lineatik aparatura joan dadin, eta bestea, korrontea aparatutik lineara itzul dadin, eta batetik, adibidez, 10 ampereko intentsitateak zirkulatzen badu, bestetik ere, inolako ihesik ez badago, intentsitate berberak zirkulatuko du.


Gure garbigailuaren kasura itzulirik, azaldu dugun arrazoiagatik, korrontearen parte bat garbigailuaren metalezko egituratik deribatu egin da, lurrera joan delarik. Beraz, lineara itzuliko den korrontea, lineatik joan dena baino txikiagoa dugu. Hain zuzen ere, intentsitate-diferentzia honek eragingo dio etengailu diferentzialari, beronek linea moz dezan.


Demagun orain, gure etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda ez dagoela, lur-linearik ez daukalarik. Kasu honetan garbigailua ukituko bagenu eta lurrarekiko isolaturik ez bageunde, korrontearen parte bat gure gorputzean zehar deribatuko litzateke, egoera hau oso arriskutsua izanik. Hala ere, arestian azalduriko kasu berean gaude: gure gorputzean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egin da. Beraz, lineatiko korrontea eta linearakoa desberdinak direnez, etengailu diferentzialak babestu egingo gaitu, gure gorputzarentzat arriskutsuak diren intentsitateetara iritsi baino lehen linea moztuz. Gauza bera gertatuko da aparatu baten borne edo zuritutako eroale bat ukitzean.


Dena dela, ondokoa ere esan beharra dago: etengailu diferentzialak ez gaitu babestuko, aldi berean bi eroale edo bi borne ukitzean. Kasu honetan, gure gorputzak edozein hargailu bezala jokatuko du.


Ez dago lurrerako ihesik, eta berau dugu, hain zuzen ere, etengailu diferentzialaren funtzionamenduaren oinarria.


Linea moztuko duen intentsitate-diferentziari, etengailu diferentzialaren sentikortasun deritzo.
Esana dugunez, etengailu diferentzialak geu babesten gaitu.


Dena den, gure segurtasuna garrantzitsua izanik, etxeko instalazioarena ere kontutan hartzeko modukoa da, eginkizun honetarako bestelako etengailuak (etengailu magnetotermiko deritzenak) erabiltzen direlarik.



-E.A.T.: Etengailu Automatiko Txikia



Ezer






No hay comentarios: